Alardean

Xabier Kerexeta (Historialaria)

Berba in biou.

Berba in biou, hala esaten zidan Antzuolako alkateak konpondu behar direla gauzak, aurrera egiteko eta erabakiak adosteko direla eztabaidak, ez arazoak problema bihurtzeko. Arrazoi osoa du. Bai, baina, norekin? Antzuolan egiten dute Alarde bat, herriko jaietako ardatza, Irunen eta Hondarribian bezala, eta bere arazoak (gurean ez bezala, oraindik ez dira problema, eta ez daitezela hartaraino irits!) badituena. Antzuolatar guztiek ez dute begi onez ikusten oraingo Alardea. Eta zer bururatu zaie Antzuolan? Mintegi bat antolatzea, non berba egin baitute, lehenik eta behin antzuolarrek, eta gero kanpoko alardezaleek, nork berea kontatuz errezetarik eskaini gabe erreferenteak erakusteko balio izan duen mintegia. Gauzak beste perspektibaz ikustea badagoela, herri-zulotik ateratzea osasungarria dela argi geratu da. Ederki dakit zer nolako lanak egin behar izan dituzten antzuolarrek, haien asmorik onenean Bidasoaldeko alardezale guztiak –edo mota guztietakoak, hobeki esan- gonbidatu ez ezik, erakartzeko. Eta badakigu zeinek jarri zituen oztopoak eta trabak, berriro ere esklusibitatea exijitzen zutelako, ez direlako gauza ere haiekin bat ez gatozenak pertsonak garela aitortzeko. Baina tira, harriak ere artesiak ditu, eta azkenean batzuk, behintzat haraino joatea deliberatu zuten, ondoan “besteak” izango zituztela jakinagatik. Gainerakoei liburuak-eta erregalatu, herrikideei begirada ere ez luzatu, baina beti da zerbait. Kanpoan, eta elkarri berbarik egin barik, baina hamarkada oso batean etxean bertan lortu duguna baino dezente gehiago da. Eta ez guri esker, berba in biou pentsatzen duen jendeari esker baizik.

Berba egin dute emakumeek, berba egin du Herriak (askatasunarenean bezala, zenbat krimen ez ote den egiten haren izen ederraren aitzakian!), berba egin dute Udalek, Diputazioak, Batzar Nagusiek, Eusko Jaurlaritzak eta Legebiltzarrak, ez dakit zenbat Auzitegik, komunikabideek, alderdi politikoek… eta deus gutxi esan dute, Pilar Primo de Rivera Sección Femeninako buruak berak ere ontzat hartuko lituzkeen generalidadeez aparte, eta are gutxiago egin, emakumeen berdintasunaren alde. Aparte uzten ditut arartekoak eta hainbat herritako ordezkariek (Gasteizko EAJk onetsarazitako testua guk geuk Irunen eta Hondarribian ere ez dakit proposatuko genukeen!), eta alderdiak berak bazter utzitako politiko batek edo bestek. Baina, kantak ederki dioen bezala, ele (berba) politek ez dautet nehoiz bihotza hunkitu. Eta benetan ahalmen duenak ez du nehoiz betikoen bihotza deusetara behartu, ezta behartuko ere. Sutan jartzean jakiten da nolakoa den eltzea, eta euskaldun jator progre “normalaren” eltzea, urrutitik urrez, hurbildu eta lurrez, eta sutan jarri orduko, pitzatua.

Sois pequeños y arrogantes! Esaten zion betiko batek Josema Alberdiri. Bada, bai, umil-umil eta apal-apal eta mesedez eskubide ez baina zuek (nork?) grazioski ematen ahal diguzuen plazera da Alardean parte hartzea eskean joan bagina, orain daukagun pixarra ere ez genuke izango. “No procede” errepikatu (zeren eta, gehien gehienek ez badakite ere, hasieran hala planteatu zen emakumearen partaidetza, eskaera formalki eginda kontzentzuz eta adostasunez bilatu beharreko zerbait: ezezko borobilak erakarri zuen gainerakoa) eta berdin jarraituko genuke.

Baina beharbada bai ikasi behar genukeela helburuetan apalago izaten, edo, hobeki esanda, helburu nagusia ezin baita apaldu (desberdinkeriak salbuespenak eta mailak izan ditzake, baina berdintasunak, ez), helburu apalagoak ere eskuratzen ahalegindu behar genuke. Asko gure dauenak guzie dau galdu, diño kanta zaharrak. Eta besteengandik ikasi, hori beti egiten ahal da.

Lezio ederra eman digute Antzuola, baina baita Irungo guraso batzuk ere. Pertsonok ez omen dugu eskubiderik, baina seme-alabak sakratuak dira! Horrela labur liteke hamaika urteko borroka luze zailaren emaitza, Alardearen eta emakumearen partaidetza berdintasunezkoarena. Alardeena kuestionatu ez, baina haien umeak (gurasoontzako umeak beti ume, adinak bost axola!) sakratuak direla eta inork ez ditzala jo, ezta iraindu ere! Eta alkateak berak haiei kasu egin bai, eta betikoen taberna gure pasabidean itxia egongo zela agindu. Egingo zigun kasu guri, halakorik eskatu bagemio! Eta Ertzaintzak Kale Nagusia gehixeago zaindu (urteak behar, eta gurasoen kexua, horretarako), eta betikoek berek “jaia” beste norabait eraman, haien basatienak gure paretik kentzeko. Esan beharra ere, bortizkeria ez dela zilegi! Baina halako giroan bizi gara, eta begibistakoa ere azaldu beharra dago.

Duela gutxi euskaratu behar izan dut, laneko kontuengatik, gatazka eta bortizkeria bereizi beharraz diharduen hitzaldi bat, eta hara! behin eta berriro irakurri behar pasarte bat, ea ongi ulertzen nuen: gatazkak gainditzeko arazoak areagotu behar direla zioen. Alegia, gatazka oso bat gai bakarrean zentratzen bada, zornatu egiten da. Baina hari askoko korapiloa baldin bada, errazago da bi fronteetatik disidentziak adieraztea, eta, oso gauza txikietan bada ere, gutxieneko adostasunetara heltzea, eta harri pitzatua beti harri, baina pitzadura hortxe geratuko da, graparik gogorrenak ere ez du behin ere guztiz lotuko.

Antzuolak alarde hitza generalizatu du, bestelako zentzuak izan ditzakeela erakutsi. Bi urte barru Tolosak hartuko omen du alardeen lekukoa, arazoak arazo, herri-zulotik ateratzea zeinen gauza sanoa den adierazgarri.

Guraso batzuk, ez ukittu gure panpoxak! esan eta askoz kasu gehiago egin zaie berdintasunaren aldeko diskurtsorik elaboratuenari baino. Zergatik, eta zakiloteenak ere uler dezakeen hizkera erabili dutelako.

Igual horixe izan dugu arazo, pueblerinoegiak izan garela denak, eta intelektualoideegiak batzuk (¡claro, si aplicas la lógica, así siempre vas a tener razón! argudiatzen zuen betiko batek). Sentimendua, hori izan zen Antzuolan Bidasoaldeko guztiek gehien errepikatu zuten hitza. Sentimenduetara jo dute gurasoek, eta inor ez zaie kontra egitera ausartu.

Egia esan, ez dakit konponbidea eman beharrean ez ote dudan gehiago korapilatu. Izan ere, motzak omen gara euskaldunak sentimenduak adierazteko tenorean. Baina tira, beste arazo bat gehitzea Problemari onuragarri, omen. Hala bedi, eta eskerrik zintzoenak honelako ekimena bultzatu dutenei.