Alardean

Markos Zapiain (filosofo)

ALARDEA FORMOLETAN

Bereizi beharra dago alde batetik erantzun espontaneoa, sentipenei eta hautemateari dagokiona neurri handi batean eta bestetik sentsazio horren itzulpen ideologiko-morala. Itxura, ohitura edo arraza desberdinen aurreko beldurra edo nazka ez da arrazakeria edo xenofobia; aldiz, oso naturala da.

Arrazakeria, beldur eta nazka hori ideologia bilakarazi eta zu ez bezalakoak oro har  beldurgarriak eta nazkagarriak direla aldarrikatzea da, edota, zehazkiago, jendea arrazaren arabera sailkatzea eta balioestea.

Alardea berritu nahi ez izatea ulergarria da, normala da bizitza osoan modu batean ikusi duzun zerbaitek, sentsazio eta sentimendu atseginei lotua, bere horretan jarrai dezan nahi izatea. Orain dela lau bat urte luzaro atzerrian egon ondoren irundar bat bere Larrendira itzuli eta haurtzaroko belardiak eta iturriak beharrean oraingo etxetzar piloa ikusi zuelarik negarrez hasi zen.

Alardearekin berdin. Txikitatik ezagutu duzun alardeari lotzen dizkiozu emoziorik eta sentimendurik politenak eta halako batean aldatu behar dizutela entzun eta iruditzen zaizu sentimendu haiek ezin dituela piztu alarde jakin horrek baino eta beraz betirako galduko dituzula.

Baina emozio horiek ez ditu ezinbestean eragiten kanpoko jainko, aberri, garaipen, arte obra edo alarde mota jakin eta zehatz batek. Lotura hori ezinbestekotzat jotzeak itxikeria ideologikoa dakar, platonismorik arriskutsuena, uste duena gaur egungo alardea beti izan dela horrelakoa eta beti behar dugula aurrerantzean ere horrelaxe atxiki, bestela alarde izateari utziko diolakoan.

Alardea bizirik dago eta bizirik dagoen guztia bezala etengabe ari da aldatzen, sortu zenez geroztik aritu da aldatzen eta garaian garaikoari egokitzen, Xabier Kerexetak, Gorka Morenok eta Mertxe Trantxek besteak beste erakutsi bezala ("Bidasoako alardeak: Herria versus Hiria", UEU).

Joan den mendeko lehenbiziko hamarraldian futbolak zatitu zuen Irun. Sporting Klub eta Racing Klub elkarren etsai porrokatu ziren. Alardean Sporting konpainia sortu zen. Eta bertako kantinerak, ohiko upeltxoa beharrean, baloi bat eraman zuen. Hatxeroen zapi zuririk ez zen lehen, baina San Martzial batean hatxero batek bazkal ondoren serbileta lepoko zapi gisa jarri, besteei gustatu eta horrela atera ziren. Hurrengo urtean berdin. Azkenik ordenantzetan sartu zuten. Pedrós jeneral ospetsuak xanpaina edan zuen naziekin, berak gonbidatuta. Buenos Amigos konpainia berri samara da, Elizaren ingurukoek sortua. 76an poliziak soldadu batzuk atxilotu eta musikarik gabe egin zen desfilea. Beltza dut koinatua, alardean ibilia, eta lehen ez zebilen beltzik.

Bizirik dagoena sendotu egiten du ingurukoa eta berrikuntzak integratzeko ahalmenak. Hizkuntzari bezala alardeari eta edozein bestari, mesede eskasa egiten dio formoletan babestu nahi izan dezaten.

Eta orain emakume batzuek soldadu irten nahi dute, edo txilibituarekin. Ba alardea emakumeei zabaltzeak indartu eta edertu egingo luke.

Ordea, itsusia bezain tristea ematen du elkarrizketa honek: "Alardean atera nahi dut". "Ez, ezin duzu". "Zergatik?". "Emakumea zarelako".