Pernando Barrena
ALARDEAREN INGURUKO GOGOETA
Irun eta Hondarribiko alardeen inguruan ezer esaten hasi aurretik gogora ekarri behar dugu hamar urte baino gehiago direla jada, herri hauetako emakumeek beraien eskubideen aldeko borroka abiatu zutela herriko jaietan, aukera berdintasunez parte hartzeko eskubidearen aldarrikapena berea eginez.
Denbora guzti honetan, borroka gogorra izan da, jasan beharrekoa ere latza eta oraindik ere jasan beharrekoa ez da samurragoa izango. Baina horren gainetik, emakume horiek, herriko sektore aurrerakoien babesarekin, emakumeen eskubideen aldeko borrokak oihartzun handia eskuratzea ahalbidetu dute.
Tradizioaren izenean, emakumeen eskubideak zapaltzean, jendarte honen erdiari berdintasunean parte hartzeko eskubidea urratu egiten zaio. Horregatik, sexuen arteko parekidetasuna bermatzen duen alarde eredua aldarrikatu behar dugu, alarde misto eta publikoaren izaera ofiziala aitortuz.
Herritar ororen eskubideak bermatuak egongo diren ekimenak sustatzea guztion eginkizuna eta betebeharra bada, are gehiago instituzioen onarpen eta babesa duten horietan. Jendarte demokratiko baten eraikuntzan ahaztu ezineko ardatza izan behar dela deritzogu, besteen artean, aukera berdintasunean parte hartzeko eskubidea errespetatzea.
Irun zein Hondarribiko emakumeek daramaten borrokarekin bat egiteak duen garrantzia azpimarratu behar dela deritzogu eta zentzu horretan, beraiei elkartasuna adierazi eta borroka horrekin bat egin. Emakumeen eskubideen defentsan guztion parte hartze eta jarrera prestua beharrezkoa baita.
Emakume zein gizon, guztion elkartasun eta bateratasuna beharrezkoa da, jendarte honetan emakumeon zokoratzea eta mendekotasuna iraunaraztea aitzaki bat edo beste dela medio bilatzen dutenen aurrean.
Besarkada bat eta eutsi goiari. |